Dagoeneko kontua dut Izena eman!
×

chat-icon Galdera azkarrak

×
  • Ez duzu jakinarazpen berririk

Gazteek soldataren ia erdia etxea ordaintzeko erabiltzen dutela ondorioztatu du inkesta zabal batek

Por: Laura Olabarria
image

6.000 gazteren erantzunak jaso ditu Gurea Geroa plataformak, emantzipazioari buruzko inkesta batean. Txosten batean bildu ditu jasotako datuak, kezkak eta proposamenak, horiek Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideei helarazteko.

Hego Euskal Herriko gazteek emantzipazioaren inguruan dituzten kezka eta proposamenak jaso ditu Gurea Geroa plataformak, 18 eta 35 urte bitarteko 6.000 gazteri zabaldutako online inkesta baten bidez. Ondorio «kezkagarriak» jaso ditu inkestak, plataformako kideen iritziz. Izan ere, emantzipatuta bizi diren gazteek, batez beste, beren diru sarreren %41 hipoteka edo alokairua ordaintzera bideratzen dute. Alegia, soldataren ia erdia.

Adina izan da txostenean nabarmendu duten beste datu bat. Bildutako datuen arabera, gazteak 24,9 urterekin emantzipatzen dira: gizonak 25,3 urterekin, eta emakumeak 24,6 urterekin. Hala ere, adierazi dute datuok ez datozela bat Gazteen Euskal Behatokiak adierazitako 29,7 urteko batezbestekoarekin. Horrek nolabaiteko nahasmena sortu du Gurea Geroa-ko kideen artean, baina ezin izan dute ezberdintasun horren jatorria identifikatu eta argitu. Nola edo hala, inkesta erantzun duten gazteek argi adierazi dute emantzipatzeko zailtasun handiak dituztela, bereziki ekonomikoak, eta gehienetan prekaritateari lotuak.

Soldata apalez eta prekaritateaz gain, alokairuen «gehiegizko» prezioak dira gazteek emantzipatzeko duten oztopo nagusietako bat. Inkesta erantzun dutenen artean, soilik %56 daude emantzipatuta, baina, %95ek espero dute hurrengo bost urteetan lortzea. Emantzipatzeko nahia «hain agerikoa» izanik, Gurea Geroa plataformak uste du abian jarri behar direla oztopoei aurre egiteko politikak. Horregatik beragatik, gazteen eta Eusko Legebiltzarreko kideen artean zubi lana egitea erabaki du.

Entzun eta erantzun

Emantzipazioaren auziari aurre egiteko 100 proposamen jaso ditu Gurea Geroak inkestari esker, eta lau gazte arduratu dira horietako batzuk bost legebiltzarkideri helarazteaz. Aiora Iturmendi, Itsaso Bolinaga, Patricia Uribe eta Rosa Atorrasagasti izan dira legebiltzarkideen aurrean 6.000 gazte horiek ordezkatzeaz arduratu direnak, hain zuzen ere. 

Proposamen ugari aurkeztu dituzte: alokairuen prezioa eremuka arautzea, neguan pisu turistikoak gazteei alokatzea, prezioak gelaka antolatzea, etxebizitzen tasa jaistea, eta alokairuan bizi diren ikasleek elkarri laguntzeko plataformak eratzea, esaterako. Guztiak adi entzun dituzte legebiltzarkideek, eta emantzipazioaren arazoari aurre egiteko erantzun «integral» bat eratu beharra dagoela nabarmendu dute. Izan ere, erremedio «onak» erremedio «azkarrak» baino hobeak dira, haien iritziz. Gazteei erantzun diete etxebizitzaren arazoa Eusko Legebiltzarrean kezka handia pizten duen gaia dela, eta ez bakarrik gazteen kasuan. 

 

Iturria: https://www.berria.eus/euskal-herria/soldataren-herena-baino-gehiago-alokairua-ordaintzeko-erabiltzen-dute-euskal-herriko-gazteek_2117198_102.html

Idazlea: